XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guztira 223 antzerki-titulu dira argitaratuak eta horietatik asko antzeztuak.

Antzerkiaren loraldia, oro har, Eusko Pizkundean zehar ematen da, 156 antzerki baitira epealdi horretan argitaratzen direnak.

Literatur produkzioan antzerkiak gidaritza eramateak zer esan nahi duen?

Ezin da jakin ziurtasunez.

Baina baldin kontuan hartzen bada Eusko Pizkundea euskal gizartearen deseuskalduntze-prozesuari aurre egiteko asmoarekin sortu zela, pentsa dezakegu eta zeharka jakin ere badakigu haren hizkuntz politikan lehentasuna zutenen artean zegoela herritarren artean euskal kontzientzia esnatu eta indartzea.

Zentzu horretan, antzerkiak eskaintzen zuen, eta du, jendearekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera, agian beste edozein literatur generok ez bezalakoa.

Olerkiak %25,11ko portzentaia hartzen du.

Poesia indartu, gerrateondoan indartzen da, 177 titulutik 126 epealdi horretakoak baitira.

Eta azken epealdi honen barruan, 1960-86koak dituzu gehienak: 97 titulu, guztira.

Esana da genero hau izan ohi dela hizkuntza minorizatuen normalkuntzako lehen fasean gehienik lantzen dena.

Literaturak heldutasunerako bidean olerkian ematen ditu bere lehen urratsak.

Antzerkiaren antzera, poesia ere herri-ekintzari oso loturik aurkitzen da Eusko Pizkundearen garaian.

Antoni Abadiaren lehiaketa-eredua emankorra gertatu zen poesia indartzeko, sistema bera aplikatu baitzen Hegoaldean Lore Jokoekin eta Euskaltzaleak elkarteak antolatutako euskara-egunekin.

A. Abadiaren esperientzia hori Aitzolek eraman zuen bururaino gerrateaurrean antolatutako poesi nahiz bertso-txapelketen bidez.

Eta zalantzarik gabe, emaitza onak lortuz, gainera.

Aitzolek eta honen belaunaldikoek, ordea, oso uste okerra zeukaten hizkuntz politikari buruz eta, oro har, nazio-proiektuari buruz.

Uste zuten Euskal Herriak bere poema nazionala behar zuela bere herri-nortasuna munduaren aurrean agertzeko.

Adibide historikoak ere aipatzen ziren: Frederic Mistralen Mireio (...)